XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Kirol potentzia

1991tik, Kubako Alderdi Komunistak IV. Batzarra egin zuenetik, kirolak berak lortu behar ditu bere diru iturriak.

Ondorioz, Kubako federazioek kirolariak esportatu dituzte beste herrialdeetara.

Era horretan irabazi ekonomikoak lortzen dira eta gazteei begira egiten diren kirol programak bultzatu.

Kubatar entrenatzaileak daude hogeita hamalau herrialdetan.

Gainera, entrenatzaile hauek prestijio handia lortu dute, eta iritsi dute orain urte batzuk Europa Ekialdeko entrenatzaileek zuten ospea.

Boxeoan, borrokan, esgriman, judoan, boleibolean eta atletismoan puntako entrenatzaileen artean daude kubatarrak.

Kirolariak ere munduan zehar ari dira.

Japoniako beisboleko liga erdi-profesionalean badaude jokalari batzuk, Italiako boleibol ligan ere bai, eta Espainiako Larios atletismo taldeko partaide dira Ivan Pedroso, Ana Fidelia Quirot eta Javier Sotomayor.

Era horretan, ez zaie batere zaila egiten Kubako kirol agintariei lesionatutakoak, goi mailako lehiaketak utzi dituzten kirolariak edo desertatu dutenak ordezkatzea.

Ramon Garbeyk eta Joel Sotomayor boxeolarien ordezkoak berehala aurkitu dituzte.

Freddy Rojas ariko da 81 kiloetan Garbeyren partez.

Casamayorren lekua Arnaldo Mesak beteko du 54 kiloetan.